martes, 14 de mayo de 2013

Harremanetarako Habitata

Hirugarren eta azken proiektu honetan, aurretik azaldu bezala, harremanetarako habitat bat egin behar izan dugu.  Entrega honen xedea, Madrileko Campo de la Cebada bezalako ideian oinarrituz, Trinitate Plaza inguruko auzokideen beharrak asetzeko "zerbait" proiektatzea izan da.

Behar horiek zeintzuk diren jakiteko elkarrizketa batzuk egin behar izan ditugu bertako biztanleei.  Elkarrizketa honen erantzunak aurretik idatzitako entradan daude.  Laburbilduz, gazteek eserleku edo etzateko leku bat eskatu zuten, gurasoek aterpea eta haurrak zaintzeko gunea, eta edadetuek kartetan, frontoiko pilota partida ikusten, etab. egon ahal izateko lekua.

Proiektua gauzatzeko unean, behar guzti horiek gauza bakar batean bilakatzen ahalegindu nahiz eta horregatik modulu jarrai bat egitea pentsatu dut. Egitura jarrai hau tela bat izango balitz bezala tolesten da eta mugimendu horrekin estalkiak, jarrilekuak eta etzateko lekuak sortzen ditu, auzokideen nahiak betez.
Plazaren gune organikotik aldenduz, gune erregularrean kokatzen da eta horregatik bere forma ere nahiko erregularra da.  Lehenengo lekuan aurkitzen den estalkia; hau da, plazaren sarreratik hurbilen kokatzen dena; gurasoentzako pentsatuta dago.  Haurrak frontoian edo futbol zelaian arituko dira jolasten eta leku honetatik oso ondo kontrolatu daitezke bi alderdiak.  Jarraian eserlekuak eta etzateko lekuak daude; batzuk frontoira ematen dute, pilota partiduak lasai ikusi ahal izateko; etzateko lekuak eguzkiak ondo ematen duen lekuan kokatzen dira; eta azkenak, futbol zelaira begira jarrita daude.  Bigarren lekuan dagoen estalkia edadetuentzako da eta frontoirantz ematen du.  Hemendik oso ondo ikusten dira partiduak eta gainera pilotak jotzeko arriskurik ez dago, pixkat aldenduta baitago, gainera, futbol zelaiaren aldea estalita dagoenez baloia ez da bertara iritsiko.  Azkenik, goiko estalkia dago, plaza guztia ikusteko aukera eskeintzen duelarik; gazteak askotan igotzen dira leku honetara, lasaitasunaren bila plazako girotik aldenduz.

Horrela bada, auzokideen nahiak bete ditudalakoan, beti ere plaza errespetatuz, nire proiektua bukatutzat eman dut.







domingo, 21 de abril de 2013

Trinitate Plazako proiektua, Elkarrizketak

Hirugarren eta azken proiektu honetan, bizitzeko habitat itxiak albo batera utziz, Trinitate plazan interferentzia bat egitea tokatu zaigu, harremanetarako habitat bat sortzea, alegia.  Interferentzia horrek inguruko auzokideen espazio publikoko beharrak bete behar ditu, Madrileko Campo de la Cebadan ikusi genuen bezalako gauza bat eginez.
Ideia, bertan bizi den jendearentzako gune publikoa egitea da, erabilpena emango dieten zerbait eginez, gaur egun egiten direnak gaindituz, hauek oso menkanikoak baitira: zuhaitzak, bankuak eta haurrentzako jolastokia.  
Guk, auzokideentzako espazio publiko arrakastatsu bat lortzeko, beharrezkoa dugu beraiei galdetzea zer behar eta zer nahi duten, eta horregatik Trinitate plazararen inguruan ibili gara bertan zegoen jendeak zer egiten zuen analisatzen eta galderak egiten.
Hasteko, plazara heldu eta bertan zegoen jendeak zer egiten zuen begiratu dugu.  Pare bat gazte talde aurkitzen ziren bertan, batzuk eguzkitan eta beste batzuk itzalean etzanda.  Hemendik atera dudan konklusioa izan da, beharrezkoa dela nolabaiteko etzateko altzari batzuk jartzea, harria oso hotza eta  deserosoa baita.  Ondoren, galderak egin dizkiegu eta hori da, hain zuzen ere, erantzun digutena: "Gu plaza honetara etortzen garenean eguzkitan etzaten gara, zigarrotxo bat erre eta lasai-lasai egoteko, ez zen gaizki egongo hamaka batzuk jarriko bazenituzte, erabilpena behintzat emango diegu", jarraian beste batek: "hori bai, nik uste dut plaza honi gehien falta zaiona aterpe bat dela, eguzkiak gogor ematen du eta jasanezina da, eta euria egiten duenerako ere komenigarria da." Hau esanda, gazteen iritzia argi gelditu zait eta guraso batzuei galdetzera joan gara segituan.  Gizon bat eta bi emakumeren erantzunak entzun ditugu: "Jazz kontzertuak egiten dituztenean nolabaiteko txiringito bat botatzen dut faltan, jarri eta trago bat hartu ahal izateko musika entzuten dudan bitartean, gainera, haurrak asko jolasten dute hemen eta gurasook gertutik zaindu ahal izateko egoteko leku bat behar dugu, eta esaten dizut, leku horrek taberna txiki bat eta aterpe bat baldin baditu asko erraztuko liguke hemengo egonaldia." esan zigun gizonak eta ondoren bi emakumeek: "plaza hau batez ere haurrena da, hemen inguruan ez dute beste lekurik jolasteko eta oso gustuko dute, baina noski, guretzat ez dago ezer eta ezin gara haurrengandik aldendu ere, beraz ba, mahai batzuk, ahulki batzuk edo horrelako zerbait jarri ahal dezakezue, aterpe bat ere faltan botatzen dugu eta taberna bat hemen edukitzea zerbait jateko eta edateko ezin hobea izango litzateke, bestela asko mugitu behar dugu."  Gurasoek argi daukate zer nahi duten, zerbait hartzeko leku bat ahulki eta mahaiekin, haurrak zaindu ahal izateko.  Azkenik, edadetuei galdetzea falta zitzaigun: "Bueno, gu ez gara plaza horretan egoten, haurrak ibiltzen direlako baloiarekin aurrera eta atzera, baina guri jubilatuoi badakizue, asko gustatzen zaizkigu mahai jokoak, guri kartetan ibiltzea batez ere, eta hemen ez daukagu horretarako ezer tabernetan ez bada, nahi baduzue horrelako zerbait jartzeak poz handia emango liguke."  
Horrela bukatutzat eman genituen elkarrizketak eta konklusioak atera nituen:
- Aterpea.
- Jartzeko eta etzateko ahulkiak.
- Mahai jokoetarako eta zerbait hartzeko mahaiak.
- Barra bat, txiringito batekin.
Orain, pentsatzera!

jueves, 18 de abril de 2013

Madrilera Bidaia, 3. Eguna

Bidaiako azken egun hau ez genuen Madrilen pasatu, goizean autobusean sartu eta Donostirako bideari ekin genion, bidean pare bat lekutan geldituz.
Lehenengo, Roa de Dueroko eraikin bat ikustera joan ginen, Denominación de origen Ribera de Duero bulegoak hain zuzen ere.  Eraikin honetan ardoa kontrolatzen duten pertsonek lan egiten dute eta arkitektonikoki eraikin berezia da, aurretik zegoen eraikin zahar bati berri bat esleitu diotelako.  Proiektu honen aukeraketa egiteko lehiaketa bat egin zen eta saria, noski, orain dagoen eraikinak eraman zuen.  Eraikin modernoa da, lehio borobilekin osatua eta eraikin zaharrarekin harremanetan egoteko harri mota antzekoa duena.  Barrutik ez da antzematen noiz zauden eraikin berrian eta noiz zaharrean eta hori da, agian, faltan bota dudana.  Nahiz eta eraikin zaharreko alderdian ateetan horma zaharra agerian utzi duten, eraikin aldaketa dagoen lekuan zerbait nabaritzea gustatuko litzaidake.
Hau bukatu ostean, herrira jaitsi eta bertan bazkaldu genuen eta ondoren berriro autobusean sartu eta bodegetarantz abiatu ginen.

Azkenik, beraz, Portia bodegak bisitatu genituen, Norman Fosterrek goitik behera diseinaturiko bodegak.  Bodega baten funtzionamendua jakiteko bi urtetako ikerketa egin zen eta ondoren orubearen arabera, nukleoan hirukia duen eta bertatik hiru nabe irtetzen zaizkion eraikina sortu zen.  Nabe bakoitza ardoaren fase bakoitzera zuzendua dago.  Funtzionamenduaren eta eraikinaren azalpena bukatu zenean ardo pixkat edan genuen eta Donostira bueltatu ginen.

Orokorrean, oso bidaia polita, interesgarria eta lagungarria izan da. :)

Madrilera Bidaia, 2.Eguna

Bigarren egun honetan, eta oso lo gutxi eginda, egitarauari jarraituz, Campo de la Cebada ikustera joan ginen.  Plaza honek gure hirugarren proiekturako inspirazio bezala jokatzen du, Trinitate plazan lortu behar duguna horrelako zerbait izan behar delako.  Leku hau, lehenengo begibistan, oso arraroa egin zitzaidan, inoiz ez baitut horrelako zerbait ikusi; bertan, auzokideek eta bertako jendeak eraikitako ahulkiak, bankoak, bainugelak eta beste hainbat altzari daude.  Zona ezberdinetan banatzen da plaza, bakoitza pertsona batzuen behar eta nahietara zuzendua eta zona hauek aldizka aldatu egiten dira, beharrak aldatu egiten baitira.  Bisita interesgarria eta lagungarria izan zen baina azkenerako luzeegia egin zitzaigun.  

Hemendik el Rastro kale azokara joan ginen eta hortik, bazkaldu eta loalditxoa egitera bueltatu ginen. 

Indarrak berreskuratu genituenean, gure kabuz, bisita turistikoa hasi genuen; metroa hartu eta Salamanka auzora joan ginen, eta bertatik oinez, kale nagusietatik pasatuz, Puerta de Alcala-ra heldu ginen.  Ondoan dagoen Parque del Retiron sartu eta buelta bat eman genuen, bertako monumentua ikusi eta berriro metroa hartuz Plaza de Orientera joan ginen, Palacio Real bisitatu ahal izateko.  Hortik Piramide de Abod dagoen parkera joan ginen eta Madrileko bistak ikusteko aukera izan genuen.  Azkenik, buelta emanez Plaza de Españan zehar, Gran Via-ra sartu eta bertan afaldu eta ibili ginen guztiz nekatuta logeletara itzuli arte.  Dudarik gabe, niretzako egunik politena izan zen.



Madrilera Bidaia, 1. Eguna

Madrilera iristearekin batera, maletak utzi eta gure egitarauari ekin genion; 1.geralekua, Reina Sofia museoa. Bertan, Cristina Iglesias eskultoreak osoturiko erakusketa ikusi genuen eta espazio mota ezberdinen inguruan mugitzen zen honen gaia. Burdina, harria eta beste material batzuk erabiliz espazioak sortzen zituen eta hauetariko askotan natura sartzen zuen, errealismo puntu bat emanez.  Erakusketa guztia ikusi genuenean, guztiok ikusi nahi genuen Picassoren Gernika famatua ikustera joan ginen, eta esan beharra daukat ez nuela espero gelan sartu bezain pronto artelanak eragin zidan sentsazioa.  Hain erraldoia, hain benetakoa, betidanik ezagutu izan dut baina hala ere lehenengoz ikusi izan banu bezala sentitu nintzen.  Ikaragarria.
Museoaren bisita amaitu genuenean, matadero zaharrera joan ginen.  Leku hau antzina matadero bat izaten zen eta gaur egun hiriko jendearentzat eta turistentzat eginiko leku sozial bihurtu dute.  Pabiloi bakoitzean jarduera ezberdinak kokatu dituzte; liburutegia, kafetegia, musika egiteko lekua, etab. Oso ondo dagoela iruditu zitzaidan, eta gure hirugarren proiekturako lagungarri izan daitekeela uste dut.
Ondoren, eta egitarauarekin bukatzeko, Tabakalerara joan ginen.  Izugarri gustatu zitzaidan bertako jendeak sortutako lekua, gaztetxe itxura zeukan eta oso giro ona somatzen zen, denen artean sortutako lekua, denen nahiak asetzeko.  Honen alboan erretratu erakusketa bat ikusi genuen, oso polita eta interesgarria, argazki ikusgarriekin osatua.
Bisita bukatu ostean, gure kabuz ibili ginen, Labapies plazarantz joan ginen eta bertatik Plaza Mayor eta Puerta del Sol bisitatu genituen.  Azkenik, nekatuta eta gaua luzea izango zela ikusita, logeletarantz abiatu ginen.




La Buena Vida

Loft-en inguruan hitz egiten duen liburu hau, Iñaki Abalos arkitektoak idatzia da.  Nahiz eta hasiera batean filosofo eta gizarteko gaietan sakondu, gero loft-en inguruan hitz egiten hasten da.  Lehenengo zati hau pixkat zaila egin zait ulertzea baina behin hori gaindututa interesgarria izan da, Loft-ak benetan zer diren ulertzen lagundu didalako.

Loft kontzeptua sortu zenean, habitat hauetan bizi ziren pertsonak normalean oso alternatiboak izaten ziren, gizartearen pentsakeratik eta izakeratik urruntzen zirenak, beste bizimodu baten bila zebiltzanak.  Habitat hau ez zen inoren diseinu bat izan, nahi gabe sortu zen; diru pixkat lortzeko lokalen bat zabalduz, artelanen erakusketa eta tailer bat montatuz, etab. Azkenean, pertsona horiek lokal horietan lotan amaitzen zuten eta beraien eguneroko bizitza egiteko gauzak eramaten zituzten, eta horrela, nahi gabe, loft-a sortu zen.
Garai hartan ez zen inondik inora esperoko loft-a gaur egun zer bihurtu den: etxebizitza moderno bat, modan dagoena, eta pertsona ia guztien kapritxo dena.

Loft-aren kontzeptua guztiz aldatu da, ezin daiteke izan "kapritxo" bat, hitz horrek luxua adierazten baitu eta loft-a luxuaren guztiz kontrakoa da, diru gutxidun pertsonek sortzen duten etxebizitza.  Loft-a ez da pausu batzuen ondorioz sortzen, norberaren beharrak asetzeko baliabideak eraikiz sortzen da, pertsonala da eta singularra.



viernes, 12 de abril de 2013

Gune Urbanoko Habitata

Bigarren proiektu honetan eman zaizkigun hiru orube posibleetatik bat aukeratu ondoren, habitata diseinatzea tokatu zaigu.   

Aurretik esan bezala, nik, eskola ondoko plaza aukeratu dut eta bertan eraiki behar zen etxebizitzak inguruko zuhaitza eta monumentua bildu behar zituen nolabait.  Horregatik, monumentua eta zuhaitza distantzia handira daudenez, eraikina luzea eta espaziotsua izan behar zen. 
Monumentua erdi barruan eta erdi kanpoan utzi dut, bainugela bertan kokatuz; zuhaitza, ordea, patio baten barruan sartu dut.  Patio horretan zuhaitza ez da erdian kokatzen, eguzkiaren argia hobeto sartzeko eta putzu bat ere jarri dut, argia isladatzeko eta erlaxatzeko elementu bezala.  Patiora heltzeko eraikinaren albo batean korridore bat dago, habitateren parte dena baina kanpoarekin lotuta dagoena, kanpo eta barne espazioak lotzen dituena, alegia.
Habitataren sarrerak plazaren bi aldeetan daude, eta argi puntuak sarrera/irteera lekuetan (sarrerako ateetan, patioko ateetan eta goiko pisurako eskaileretan).  Eskailerak luzeak dira, aldapa estilokoak, goranzko bide bat markatzen, zuhaitzari jarraituz.
Beheko pisuan sukaldea, egongela, bainugela eta lantokia kokatu ditut, guztiak espazio bat osatzen.  Goiko pisuan, bestalde, intimitate bat lortzeko, logelak daude; hauek iparrera begira daude, bista onenak bertan daudelako.  Logelak eraikinetik kanpora irtetzen dira, ingrabitatearen adierazle bezala, plazan aterpe estiloko bat sortuz.

Ideia osatu ondoren, planoak eta maketa egiten eta zuzenketa batzuen ondoren, entrega izan dugu.