
Madrilera iristearekin batera, maletak utzi eta gure egitarauari ekin genion; 1.geralekua, Reina Sofia museoa. Bertan, Cristina Iglesias eskultoreak osoturiko erakusketa ikusi genuen eta espazio mota ezberdinen inguruan mugitzen zen honen gaia. Burdina, harria eta beste material batzuk erabiliz espazioak sortzen zituen eta hauetariko askotan natura sartzen zuen, errealismo puntu bat emanez. Erakusketa guztia ikusi genuenean, guztiok ikusi nahi genuen Picassoren Gernika famatua ikustera joan ginen, eta esan beharra daukat ez nuela espero gelan sartu bezain pronto artelanak eragin zidan sentsazioa. Hain erraldoia, hain benetakoa, betidanik ezagutu izan dut baina hala ere lehenengoz ikusi izan banu bezala sentitu nintzen. Ikaragarria.
Museoaren bisita amaitu genuenean, matadero zaharrera joan ginen. Leku hau antzina matadero bat izaten zen eta gaur egun hiriko jendearentzat eta turistentzat eginiko leku sozial bihurtu dute. Pabiloi bakoitzean jarduera ezberdinak kokatu dituzte; liburutegia, kafetegia, musika egiteko lekua, etab. Oso ondo dagoela iruditu zitzaidan, eta gure hirugarren proiekturako lagungarri izan daitekeela uste dut.
Ondoren, eta egitarauarekin bukatzeko, Tabakalerara joan ginen. Izugarri gustatu zitzaidan bertako jendeak sortutako lekua, gaztetxe itxura zeukan eta oso giro ona somatzen zen, denen artean sortutako lekua, denen nahiak asetzeko. Honen alboan erretratu erakusketa bat ikusi genuen, oso polita eta interesgarria, argazki ikusgarriekin osatua.
Bisita bukatu ostean, gure kabuz ibili ginen, Labapies plazarantz joan ginen eta bertatik Plaza Mayor eta Puerta del Sol bisitatu genituen. Azkenik, nekatuta eta gaua luzea izango zela ikusita, logeletarantz abiatu ginen.



No hay comentarios:
Publicar un comentario